XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ZAÑANADO-KO ZEINBEIT BERRI

Martxoaren 26-an itzuli zaiku aita Abadea Afrikatik hiru ilabete Zañanado-ko anaien artean egonik.

Urtarrilaren 3-an, harainotu denean, gau-erdi pasatua zen; eta, goizean, fraide batek bota dio: Nere ehortzetarako jiter zinen.

Huna zer duen orduan ikasi: aratseko hamar orenetan, azken otoitzak bertzekin bururatu-eta, fraide gazte hori joan da ilunbez ilunbe iturburuaren alderat: ikusteko zergatik zen, hoin xuhurki, ura komenturaino heltzen.

Bidean buruz-buru egin du bortz Beltzekin.

Lapur-talde bat zen aberats baten etxetik zatorrena, ihizi-gabeko ihiztari batzu bezein triste ta gose... Fraideari hasi zaiote: Ea ba ote zuen: dirurik? eta batek, galdea funtsezkoa zela erakusteko, tiro bat igortzen du zeru-alderat.

Fraideak: sos bat ere ez zaukala soinean.

Inglesez ari ziren; handik hurbil den Nigeria-tik etorri lapur batzu zitezken...

Hiltzea baino hobe zuela, komentuaren onetan ere, diru emaitea, bere gelaraino joan da heiekin eta langileen pagarako zaukan dirua largatu.

Fraidea ereman dute, orduan, larre zoko batetaraino; sotana kendu diote eta urratu, oihal-zati horiekin lurrean estekatzeko.

Iduritu zait memento hartan, dio berak, hiltzeko orena hurbil nuela.

Noizbeit, haatik, bere estekak trenkatu ahal izan ditu: eta, gauez gau, lasterka joan da Bame herrixkarat laguntza eske.

Oihal gorrizko estalki bat eman diote eta jandarmeriarat lagundu.

Bainan ordukotz lapurrak ezin atxemanak: toki hartarik urrun joanak ziren.

Inguruko giristinoak eta paganoak ere, nehoiz ez bezalako gertakari hortaz, harrituak eta penatuak izan dire.

Ondoko egunetan zernahi jende agertu da, beren adiskidantza fraideri erakusteko.

Herri hurbilenetako elizetan esker-onezko Mezak eman-arazi dituzte, osorik atera baitzen fraidea.

Horra han egon naizen hiru ilabetetako gertakari itsusiena eta, Jainkoak gaizkitik ongi handiago ateratzen ohi baitu, bihotz-altxagarriena.